Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Iruñea garaituta, 1. mailarako txartela gertuago dauka Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/03/08).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek gertuago daukate 1. mailarako txartela, zapatu honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan -UPNA- igoera faseko seigarren garaipena poltsikoratu ostean.  Julen Barrutiaren mutilek hirugarren sailkatu Iruñearen kontra neurtu dituzte indarrak eta, lehen zati parekatuaren ostean -atsedenaldira 0-5eko emaitzarekin joan dira-, 7-33 nagusitu dira.

Esan bezala, aurreneko 40 minutuetan indarrak parekatuta egon dira oso Iruñea eta Kanpanzar Arrasateren arteko lehian, eta ordu laurdena ate-joka zegoenean Ioritzek lortutako entseguak bisitariei emandako abantailarekin (0-5) hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek lehenengo zatiaren amaieran.

Atsedenalditik bueltan, baina, egoera goitik behera aldatu egin da, eta Kanpanzar Arrasateren nagusitasuna erabatekoa izan da.  Gauzak horrela, bigarren zatia hasi eta berehala Arizaletak zigor kolpea zutoinen artera bidali eta arrasatearren abantaila handitu egin du (0-8).  Horrekin konformatu ez, eta bost minutu beranduago Danelek sarrailagileen bigarren entsegua egin du.  Arizaletak ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerakoan eta, honenbestez, 0-15ekoa igo da markagailura.

Atsedenaldian Barrutia jokalariekin hitz egiten.


Oraindik ia ordu erdi geratzen zen partidua amaitzeko, eta Barrutiaren mutilek lehia bideratuta zeukaten.  Erlaxatu beharrean, baina, azeleragailua zapaldu eta Iruñearen gainetik pasatu dira.  Unairen entsegua eta Portaloren transformazioarekin 0-22koa igo da markagailura eta, Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe parearekin, 0-28koa.  Andonik bisitarien laugarren entsegua egin du, 0-33koa ezarriz, eta norgehiagoka amaitzear zela etxekoek markagailua nolabait txukundu egin dute (7-33).

Gauzak horrela, garaipen berri bat eta bonusa Kanpanzar Arrasaterentzat, eta 1. mailarako txartela gero eta gertuago.  Aurrerantzean eta denboraldia amaitu bitartean, gainera, Kanpanzar Arrasatek etxean jokatuko ditu igoera fasea amaitzeko geratzen diren lau partiduak.  Datorren asteburuan ez da jardunaldirik egongo baina, martxoaren 22ko asteburuan, Barrutiaren mutilek Baztan hartuko dute etxean.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Babesleak