Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

ART-k urritasuna duten neska-mutikoekin errugbi inklusibo saioa burutuko du domeka honetan

Arrasate R.T. (2020/01/31).

Arrasate Errugbi Taldeak errugbi inklusibo saioa burutuko du domeka honetan, hilak 16, urritasunen bat duten neska-mutikoekin.  Atzegi elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimen hau klub zuri-moreak, lehen taldeko entrenatzaile Julen Barrutia proiektuaren buru dela –Zuzendaritzako kide Imanol Luengoren laguntzarekin-.  Hitzordua Mojategi errugbi zelaian izango da, goizeko 11:00ak eta 12:30ak bitartean eta, bertaratzen direnek, errugbiaren nondik norakoak eta bere balioak ezagutzeko parada izango dute.  Izen ematea 943423942 telefonoan egin beharko da, Jonengatik galdetuta.

Gaztedi moduko beste klub batzuek izandako esperientzian oinarrituta bururatu zitzaigun ekimena antolatzea”, aitortu digu Barrutiak.  “Down sindromea duen anaia daukat eta, nire kasuan, errugbiak eman dizkidan onurak ikusita, Arrasaten horrelako ekimen bat antolatzea interesgarria izango zela pentsatu nuen”, gaineratzen du.  

Gauzak horrela, beste klubetako dinamiken nondik norakoak bertatik bertara jarraitzen hasi, eta Atzegiko arduradunekin jarri zen harremanetan Barrutia.  Azaroa-abendua inguruan eduki zuten aurreneko solasaldia bi aldeek, eta bertan entrenamendu saio bat antolatzea erabaki zuten,  “neska-mutikoei kirol apurtxo bat egiteko aukera eman, errugbiaren nondik-norakoak eta balioak ezagutu eta, bide batez, sozializazioa ere lantzeko”.  

Honenbestez, hilaren 16an burutuko dute errugbi inklusiboaren estreinaldiko saioa Arrasate Errugbi Taldeak eta Atzegik.  Horretarako zenbait boluntario arituko dira lanean Mojategin eta, Barrutiak baieztatu bezala, “balorazioa positiboa bada esperientzia errepikatzea izango da asmoa, dinamika bat hartze aldera, betiere horretarako baliabide materialak eta laguntzeko prest dagoen jendea baldin badaukagu”.  Etorkizunean Arrasate Errugbi Taldeak talde inklusiboa izatea “zoragarria” izango zela onartzen badu ere, Barrutiak zuhurtasunez jokatzen du:  “lehenik eta behin hasierako esperientzia hori baloratu beharra daukagu, jendea parte hartzera animatzen ote den ikusi eta proiektua aurrera ateratzeko baliabide nahikorik ote dugun konprobatu”.

ISEI BARBERO

Babesleak