Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Lidergoa ziurtatuta duela bueltatu da Funesetik Kanpanzar Arrasate

Seniorrak (2019/12/01).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko zortzigarren garaipena poltsikoratu dute asteburu honetan, zapatu arratsaldean azken sailkatu Funesi egindako bisitan 0-45 nagusitu eta gero.  Barrutiaren mutilek ez zuten ikasturteko partidurik onena jokatu Lekarozen, halere, bi taldeen artean dagoen aldea agerian geratu zen markagailuan.

Euria eta hotza izan ziren nagusi Funesen zapatu arratsaldean, halere, arrasatearrek berehala bideratu zuten partidua, ordu laurdena bete baino lehen Potatok eta Viterik lortutako entseguei esker.  Zapatuan bueltan zen Arizaleta, azken partiduetan kale egin eta gero, eta jaurtitzaile arrasatearrak zelaietatik kanpo egon den denbora honetan guztian punteria ez duela galdu erakutsi zuen.  Aurreneko bi entsegu hauetan baloia zutoinen artera bidali eta, honenbestez, 0-14koa igo zen markagailura, esan bezala, oraindik ordu laurdena betetzear zela.

Handik gutxira Ibaik Kanpanzar Arrasateren abantaila handitu egin zuen (0-19) eta, lehen zatiaren azken txanpan, bisitariek beste bi entsegu egin –Unai eta berriro ere Ibairen bitartez- eta transformazioak gauzatuta norgehiagoka erabakita utzi zuten.  Markagailuak 0-33koa erakusten zuela hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak beteta.

Norgehiagoka erabakita zegoela ikusita, bigarren zatian Kanpanzar Arrasate abantailari eusteko asmoarekin zelairatu zen, eta baita lortu ere.  Hori gutxi balitz, Barrutiaren mutilek abantaila handitu egin zuten, beste entsegu parea eginda.  Ibaik bere kontu pertsonaleko hirugarren entsegua lortu zuen bigarren zatiaren hastapenean, 0-38koa ezarriz.  Atsedenaldi ostean ez zen markagailua gehiago mugitu, baina partidua amaitzear zela Unaik entsegua egin, eta Arizaletak transformazioa gauzatuta, Kanpanzar Arrasatek garaipena biribildu zuen.  Ez zen gehiagorako astirik egon, eta 0-45ekoarekin eman zuen amaitutzat partidua epaileak.

Garaipen honen ostean Kanpanzar Arrasatek 39 puntu ditu patrikan jada eta, jardunaldi honetan bigarren sailkatu Iruñeak bonusik lortu ez duela ikusita, Barrutiaren mutilek jada bermatuta daukate sailkapen fasea lidergoan amaitzea.  Jardunaldi honen ostean astebeteko etenaldia izango du Euskal Ligako 2. Mailak eta, abenduaren 15eko asteburuan, Barrutiaren mutilek La Unica B hartuko dute Mojategin.  Fasearen azken jardunaldia 2020aren ongietorriarekin batera jokatuko da, urtarrilaren 12an, eta bertan sarrailagileek Gaztedi B-ri egingo diote bisita.  Esan bezala, bi partidu hauek galduta ere, ziurra da Arrasateko taldeak sailkapen buruan amaituko duela denboraldiko aurreneko urratsa.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak