Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Tinko eusten dio lidergoari Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/11/24).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek geldiezin jarraitzen dute, eta asteburu honetan denboraldiko zazpigarren garaipena poltsikoratu dute erreskadan.  Julen Barrutiaren mutilek Zarautz B-ri egin zioten bisita zapatu arratsaldean eta, Lasarteko Michelin errugbi zelaian jokatutako norgehiagokan, 5-32ko emaitzarekin nagusitu ziren, orain arteko bolada ezin hobeari jarraipena emanez.

Gauzak horrela, sailkapen fasea amaitzeko hiru partidu baino ez direnean geratzen, Kanpanzar Arrasatek sailkapen buruan jarraitzen du 34 punturekin.  Barrutiaren mutilek bederatzi puntuko abantaila dute bigarren sailkatu Iruñearekiko, hortaz, hurrengo asteburuan garaipena eskuratuz gero, erabat ziurtatuta edukiko lukete denboraldiko aurreneko zatia lidergoan amaitzea.

Zarautzen kontra 2015-2016 denboraldian Mojategin jokatutako partidua.

Kanpanzar Arrasaterekin batera iruindarrak dira aurreneko fase honetako talderik onena, bi partidu baino galdu ez dituztela –biak Kanpanzar Arrasateren kontra-.  Hirugarren postuan Zarautz B dago 15 punturekin eta, hiru puntu gutxiagorekin, La Unica B.  Gaztedik 10 puntu ditu, eta sailkapenaren azken postuan dagoen Funesek puntu bakarra urratu du orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan.

Hurrengo asteburuan etxetik kanpo jokatuko du berriro ere Kanpanzar Arrasatek, oraingo honetan azken sailkatu Funesen kontra, Lekarozen.  Jardunaldi honen ostean astebeteko etenaldia izango du Euskal Ligako 2. Mailak eta, abenduaren 15eko asteburuan, Barrutiaren mutilek La Unica B hartuko dute Mojategin.  Fasearen azken jardunaldia 2020aren ongietorriarekin batera jokatuko da, urtarrilaren 12an, eta bertan sarrailagileek Gaztedi B-ri egingo diote bisita. 

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak