Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

La Unicaren zelaian defendatuko du lidergoa Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2019/10/24).

Asteburu honetan Euskal Ligako 2. Mailako laugarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek lidergoa defendatuko dute Iruñean.  Zapatuan, eguerdiko 14:00etatik aurrera, Julen Barrutiaren mutilek La Unica B-ren kontra neurtuko dituzte indarrak, denboraldiko laugarren garaipena poltsikoratzeko helburuarekin.

Ikasturtearen hasiera ezin hobea izan da Arrasateko taldearentzat, orain arte jokatutako hiru partiduak irabazita, kategoriako liderra baita 15 punturekin, bigarren sailkatu Iruñearekiko bost puntuko abantailarekin.  Zuri-moreek zapatuan aurrean edukiko duten aurkaria hirugarren postuan da zortzi punturekin.  Nafarrek aurreneko bi partiduak irabazi zituzten Zarautz eta Gaztediren kontra baina, iragan asteburuan, amore eman behar izan zuten Iruñearen kontrako derbyan.  


Iazko denboraldian La Unicako lehen taldearen kontra Mojategin jokatutako partidua.

Sailkapenari begira Kanpanzar Arrasatek ez luke arazo handirik izan beharko Iruñeatik garaipena ekartzeko.  Dena den, Barrutiaren mutilek tentuz jokatzea izango dute onena, kontrako kasuan ohikoa izaten baita kirolaren munduan ezusteko desatsegina hartzea.  Agian zailtasunik handiena arrasatearrentzat ordutegia izango da, eguerdiko 14:00etan lehiatzera ez baitaude ohituta Arrasate inguruan.

Hori, baina, ez litzateke aitzakia izan beharko nafarrak mendean hartzeko, baldin eta arrasatearrek mailaz igotzeko borrokan murgilduta egon nahi badute denboraldi honetan.  Orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, badirudi hori Barrutiaren mutilen helburu irmoa dela, orain arte jokatutako hiru partiduetan erregulartasun handia erakutsi baitute.  Ea bolada onak jarraipena duen Iruñea aldean.


Galtzak bete lan


Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeak galtzak bete lan izango ditu, kategoria guztietan hitzorduak izango baitira.  Kadete eta infantilek, biek Gaztedirekin taldea partekatuta, Lakuan jokatuko dute zapatuan.  Lehenengoek Zarautzi egingo diote aurre 10:15eatik aurrera eta, bigarrenek, Mutriku/Zarautzi 12:00etan.  14 urtez azpikoek denboraldia estreinatuko dute Anoetako miniestadioan egun berean, 13:00etatik aurrera, kasu honetan Bera Bera/Errioxaren kontra.  

Azkenik, Errugbi Eskolakoak Eibarrera joango dira igandean, eta bertan izango den topaketan parte hartuko dute.  Arrasatearrekin batera Eibar, Gaztedi eta Errioxa arituko dira nor baino nor.  12 urtez azpikoak 10:30ean hasiko dira lehiatzen, eta 10 urtez azpikoen txanda 11:50ean izango da.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak