Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Denboraldi hasiera ona eta lidergoa berretsi nahi ditu Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/10/17).

Astebeteko etenaldiaren ostean asteburu honetan Euskal Ligako 2. Maila berriro ere martxan jarriko da eta, hirugarren jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Funes hartuko dute Mojategin.  Gipuzkoarren eta nafarren arteko norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek orain arteko denboraldi hasiera bikaina eta lidergoa berrestea bilatuko dute.

Ikasturtea ezin hobeto hasi du Kanpanzar Arrasatek, orain arte jokatutako bi partiduak irabazita –Iruñea eta Zarautz B-ren kontrakoak-, kategoriako liderra baita 10 punturekin.  Aipatzekoa da orain arte jokatutako bi norgehiagoketan, garaipenak ematen dituen lau puntuez gain, bonusak ere poltsikoratu dituztela arrasatearrek, hortik bigarren sailkatu La Unicarekiko duten bi puntuko abantaila.  Bosna puntura Gaztedi eta Iruña berdinduta daude, hirugarren eta laugarren postuan, hurrenez hurren.  Zarautzek puntu bakarra du, eta sailkapena oraindik estreinatu barik dagoen Funesek ixten du.


2014-2015 denboraldian Funesen kontra Mojategin jokatutako partidua, emaitza 94-0 izan zen.

Testuinguru honetan, eta sailkapenari begira, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik izan beharko zapatu honetan ikasturteko hirugarren garaipena eskuratzeko.  Hala eta guztiz ere, tentu handiz ekin beharko diote Funesek kontrako norgehiagokari, nafarrak puntuen premia larriz etorriko baitira Mojategira eta, erlaxatuta zelairatuz gero, litekeena baita sorpresa desatsegina izatea.

Gauzak horrela, sarrailagileek apal eta kontzentratuta ekin beharko diote Funesen kontrako neurketari, zaleen aurrean jokatuko duten denboraldiko bigarrena.  Aurrekaririk gertukoena orain direla 15 egun eskas daukagu, eta bertan Barrutiaren taldea aise nagusitu zen azkenaurreko sailkatu Zarautz B-ren kontra.  Ea oraingoan istorioa errepikatu eta denboraldi hasiera bikain honi jarraipena ematen dion Kanpanzar Arrasatek.


Ikasturte hasiera LEKentzat


Larunbat goizean, 10:30eatik aurrera, Leintz Eskola Kiroleko neska-mutikoek ikasturteari ekingo diote Mojategin burutuko den Topaketarekin.  Ez da asteburuko hitzordu bakarra izango, 14 urtez azpikoek ere Zazpinako Txapelketa jokatuko baitute Gaztedi/Zarautzen kontra ordu eta leku berean, baina kasu honetan domekan.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak