Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Denboraldia garaipen batekin estreinatu nahi du Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2019/09/26).

Asteburu honetan Euskal Ligako 2. mailako denboraldia martxan jarriko da eta, estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Iruñeari egingo diote bisita.  Nafarren kontrako norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 17:00etatik aurrera, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek ikasturtea garaipen batekin estreinatzea bilatuko dute.

Iragan asteburuan denboraldiaurreko azken entsegua burutu zuten arrasatearrek, Gaztedi eta Zornotzako Urgozo taldeen kontra Mojategin jokatutako lagunarteko hiruko txapelketarekin.  Bertan sarrailagileak jokatutako norgehiagoka guztietan nagusitu ziren eta, Barrutia entrenatzailearen hitzetan, sentsazioak “oso onak” izan ziren.  

Gauzak horrela, sentsazio positibo horiek garaipenean bilakatu nahi ditu Kanpanzar Arrasatek asteburu honetan, eta horretarako Iruñea hartu beharko du mendean Nafarroako Unibertsitateko zelaian.  Iruindarrak iaz ere 2. mailan aritu ziren, eta laugarren postuan amaitu zuten denboraldia.  Talde jaitsi berria izanik, Kanpanzar Arrasate onenen artean egotera deituta dago aurten.

Iruñearekin batera beste lau aurkari izango dituzte denboraldiko sailkapen fase honetan Barrutiaren mutilek:  La Unica B, Gaztedi B, Zarautz eta Funes.  Aipatu beharra dago hasiera batean Eibar A multzo honetan egotera deituta zegoela baina, arrazoi ezberdinak tarteko, bere plaza B multzoko Funesekin aldatu egin du.  Urtero legez, multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek igoera fasea jokatuko dute denboraldiko bigarren zatian.




Kadeteak ere martxan


Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko kadeteek ere Liga txapelketari ekingo diote asteburu honetan.  18 urtez azpikoek aurten Gaztedirekin partekatuko dute taldea, eta Gasteizeko Lakua errugbi zelaian jokatuko dute zapatuan, 11:45eatik aurrera, Txingudi/Baztanen kontra.  Bi talde hauekin batera Zarautz, Hernani/At. San Sebastian eta Errioxa arituko dira nor baino nor 18 urtez azpikoen “C” multzoan.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Julen Barrutia

Babesleak