Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasatek hiruko txapelketa jokatuko du asteburu honetan

Seniorra (2019/09/18).

Ligaren estreinaldia behar den moduan prestatze aldera abuztu amaieratik dihardute buru belarri lanean Kanpanzar Arrasatekoek eta, aurredenboraldia osatzeko, hiruko txapelketa jokatuko dute zapatu honetan (16:30) Mojategin.  Barrutiaren mutilek Gaztedi eta Zornotzako Urgozo taldeak izango dituzte aurkari, eta bertan teknikari zuri-moreak liga estreinaldiari begira froga ezberdinak burutzeko parada izango du.

Irailaren azkeneko asteburuan jarriko da martxan Euskal Ligako 2. Maila eta, estreinaldiko jardunaldian, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Nafarroa aldera joango dira.  Julen Barrutiaren mutilek Iruñea R.C.-ren zelaian estreinatuko dute Liga txapelketa, ikasturteko aurreneko garaipena lortzeko helburuarekin.  Iaz maila galdu ostean, kategoriaz igotzea izango da sarrailagileen helburua aurten.

Kanpanzar Arrasatek Euskal Ligako 2. Mailako “A” multzoan lehiatuko du aurten eta, Iruñearekin batera, Gaztedi, Eibar, Zarautz eta La Unicako B taldeak izango ditu aurkari.  Denboraldiko aurreneko fase honetan liga txapelketa joan-etorrikoa izango da, irailaren 29an hasi eta urtarrilaren 12ra arte luzatuko dela.  Ondoren, multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek igoeragatik borrokatuko dute bigarren fasean; gainontzeko taldeek ere beste ligaska bat jokatuko dute, baina kasu honetan amaierako sailkapena egongo da soilik jokoan.  “B” multzoan Funes, Menditarrak, Uribealdea, Zornotzako eta Uni Bilbo B arituko dira.  


Julen Barrutia


Aurtengo denboraldian berritasun nagusia aulkitxoan izango du Kanpanzar Arrasatek, Igor Isasiren agurraren ostean etxeko batek hartuko baitu teknikari eibartarraren lekukoa:  Julen Barrutia.  1993. urtean Arrasaten jaioa, gaur egun 25 urte ditu, txiki txikitatik gertutik bizi izan du errugbia Barrutiak: ART-ko presidente ohi Ramon Barrutiaren semea, hainbat urtez Kanpanzar Arrasateren elastikoa defendatu izan du jokalari gisa eta, berdeguneetatik erretiratu ostean, iragan denboraldian ere 18 urtez azpiko taldea zuzendu zuen.  2. Mailako CSD tituluduna, Euskal Selekzioko azpiko kategorietako aulkitxoetan ere jardun izan du Barrutiak, 16 urtez azpikoen egungo entrenatzailea delarik.  Kirolari sutsua, borrokazko kirolak eta arte martzialak ere egon badaude Kanpanzar Arrasateko entrenatzaile berriaren zaletasunen artean.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak