Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Esku hutsik etorri da Bilbotik Kanpanzar Arrasate

Seniorra (2019/03/10).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak esku hutsik bueltatu dira Bilbotik igande honetan, 12:00etatik aurrera, Bilboko Unibertsitarioaren kontra jokatutako norgehiagoka galdu eta gero.  Gaurkoan talde zuri-morearen entrenatzaile Igor Isasik 13 jokalari baino ez ditu izan bere aginduetara eta, lesioak tarteko, epaileak arauzko denbora bete baino lehenago adierazi du partiduaren amaiera arrasatearrek lehiatzen jarraitzeko arautegiak adierazten duen gutxieneko jokalari kopurua ez zutela ikusita.

Kanpanzar Arrasatek kategoriako liderrari egin dio bisita igande honetan, eta Isasiren mutilek jakin bazekin erronka zaila izango zela El Fangotik zerbait positiboa urratzea, ahalik eta gehiago norgehiagoka hasieratik bi jokalari gutxiagorekin arituko zirela jakinda.  Halere, sarrailagileek lehen unetik borrokatu egin dute, baina ezin izan dute lan horretatik etekinik atera.  Aitzitik, norgehiagoka osoan zehar etxekoak jaun eta jabe izan dira, eta entseguak bata bestearen atzetik etorri dira.  Bestetik, zuri-moreak ezin izan dute bilbotarren entsegu eremura iritsi.

Gauzak horrela, atsedenaldirako partidua Bilboko Unibertsitarioaren alde erabakita zengoen.  Hala eta guztiz ere, Kanpanzar Arrasatek lehiatzen jarraitu du bigarren zatian, norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan epaileak neurketaren amaiera adierazi duen arte.  Olabarrietak min hartu eta ospitalera eraman behar izan dute belaunean egindako zauria sendatzera; zalantza izpirik gabe hori izan da goizeko albisterik txarrenetarikoa, ahalik eta gehiago datozen asteetan sarrailagileek jokatuko dituzten partiduak taldearen etorkizunera begira erabakigarriak izango direla aintzat hartuta.  

Hurrengo asteburuan ez da jardunaldirik izango Euskal Ligako 1. Mailan baina, martxoko azkeneneko bi asteburuetan, Kanpanzar Arrasatek mailari eusteko borrokan aurkari zuzen BRT Menditarrak eta Bera Bera B-ri egingo die aurre Baztanen eta Mojategin, hurrenez hurren.  Bi norgehiagoka horietan garaipena eskuratzea ezinbestekoa izango da beste urtebetez 1. Mailan jarraitzeko.


Kadeteen lagunartekoa

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko kadeteek ez dute liga jardunaldirik izan, baina etenaldi hori lagunarteko partidua jokatzeko aprobetxatu dute.  Julen Barrutiaren mutilek Bera Bera izan zuten bisitari zapatu goizean Mojategin eta, norgehiagoka txukuna jokatu bazuten ere, donostiarrak nagusitu ziren azkenean 5-35ko emaitzarekin.  ART-ko kadeteek bi aste barru emango dute amaitutzat denboraldia, ligako azken partidua Eibarren kontra jokatuko baitute Mojategin.

Senior UniBilbao-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak