Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Hasi orduko amaitu da Kanpanzar Arrasate eta Ordizia B-ren artekoa

Seniorra (2019/02/16).

Gaurkoan ezohiko egoera bizi izan da Mojategin, ziur asko bere historiako partidurik laburrena, edo laburrenetarikoa, behintzat, izan baita bertan.  Hasi orduko amaitu da zapatu honetan Kanpanzar Arrasatek eta Ordizia B-k jokatu behar zuten norgehiagoka.  Etxekoek neurketa jokatzeko jokalari nahikori ez zutela ikusita, epaileak partidua bertan behera utzi du eta, horrelako kasuetan gertatzen den bezala, emaitza 0-7koa izan da jokatzen jarraitzeko moduan zegoen taldearen alde, kasu honetan, Ordizia B.

Iragan asteko norgehiagokan egindako esfortzua pairatu dute gaurkoan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek; izan ere, Ordizia B-ri aurre egiteko Isasik 12 jokalari baino ez ditu izan, horietatik hiru lesionatuta.  Gauzak horrela, etxekoak gaurkoan Mojategin partidua jokatzeko agertu dira baina, baloia martxan jarri orduko eta zuri-moreen egoera zer nolako zen ikusita, epaileak partidua bertan behera uztea erabaki du –arautegiak ezartzen duenari jarraituz- bisitarien aldeko 0-7ko emaitza adieraziz.

Gauzak horrela, ezohiko lehia honen ostean, Kanpanzar Arrasate esku hutsik geratu da eta Ordizia B-k bost puntu eraman ditu Altamiraruntz.  Hurrengo asteburuan hitzordu garrantzitsua izango dute Isasiren mutilek, Getxo B-ri egingo diote bisita eta, Faduran garaipena eskuratuz gero, etorkizunari begira erabakigarria izan daitekeen aurrerapausoa emango lukete.  Bizkaitarren kontrako lehiaren ostean beste lau hitzordu izango dituzte arrasatearrek:  Bilboko Unibertsitariori bisita egin ostean aurkari zuzenen txanda helduko da, Baztan eta Bera Bera B-ren bisitak eta, denboraldia agurtzeko, Gaztediren zelaian jokatuko du Kanpanzar Arrasatek.

ISEI BARBERO

Babesleak