Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Ezustekoa emanez estreinatu du urtea Kanpanzar Arrasatek

Seniorra (2019/01/12).

Ezin hobeto hasi dute 2019a Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, ezustekoa emanez eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratuz.  Abenduan Bera Bera B-ren kontra garaipenak ihes egin zien azken unean Isasiren mutilei eta, orduan bezala, gaurkoan ere partidua serioa jokatuta sarrailagileak nagusitu egin dira, sailkapen buruan den talde horietako baten kontra, gainera.  Gaztedi izan da bisitari Mojategin zapatu honetan eta, aurreikuspen guztiak gasteiztarren aldekoak baziren ere, azkenean etxekoen lana eta kemena nagusitu dira.  Azken emaitza 24-17 izan da Kanpanzar Arrasateren alde.

Isasiren mutilak gogotsu zelairatu dira, eta hasierako minutuetan Gaztedi bere zelaian sartuta eduki dute.  Presio eta lan horren fruituz, eta bultzada batez baliatuz, heldu da etxekoen lehenengo entsegua “Arri”-ren eskutik.  Ondorengo transformazioan Arizaletak ez du hutsik egin  eta, ordu laurdena bete berri zegoela, 7-0ekoa igo da markagailura.  Etxekoen pozak, baina, ez du luzaroan iraun, minutu batzuk beranduago Gaztedik zuri-moreen errenta murriztu baitu (7-5).

Oro har, aurreneko 40 minutuak parekatuak izan dira oso, eta jokaldi guztietan borroka eta kemena izan dira nagusi.  Ordu erdia oraindik betetzear zela, eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpe batez baliatuz, Arizaletak 10-5ekoa egin du.  Atsedenaldira joateko bost minuturen faltan, modu eta protagonista berdinarekin, Kanpanzar Arrasatek errenta handitu egin du (13-5).  Bazirudien emaitza horrekin joango zirela aldageletara bi taldeak baina, lehen zatiaren azken txanpan, gasteiztarrek entsegua egin eta markagailua orekatu dute (13-12).

Bigarren zatia ezin hobeto hasi da arrasatearrentzat, zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpe pare baten bitartez Arizaletak 19-12koa jarri baitu markagailuan hasierako minutuetan.  Hori gutxi balitz, eta oraindik ordu laurdena bete barik zela, Julen Bellanek Kanpanzar Arrasateren bigarren entsegua lortu du (24-12).  Sarrailagileak ihes egiten ari ziren markagailuan baina, partidua amaitzeko 15 minuturen faltan, bisitariek entsegu berri bat lortu eta berriro ere gerturatu dira (24-17).  Gaurkoan, baina, Isasiren mutilek errentari eusten jakin izan dute eta, modu honetan, 24-17ko emaitzarekin adierazi du partiduaren amaiera epaileak.

Gauzak horrela, gaurko garaipenarekin Kanpanzar Arrasatek sailkapenaren zulotik ihes egin  du, azken postua atzean utzita.  Datozen asteetan “urtarrileko aldapari” egin beharko diote aurre Isasiren mutilek, egutegia benetan gogorra izango baita.  Hurrengo asteburuan denboraldiko bigarren itzulia jarriko da martxan eta, honen baitan, Atletiko San Sebastian /Hernanik bisitatuko du Mojategi.  Hurrengo jardunaldietako aurkariak ere ez dira nolanahikoak izango:  Gernika, La Unica, Ordizia…

Laburbilduz, gaur bezala, gutxi galtzeko eta asko irabazteko izango du Kanpanzar Arrasatek datozen asteetan, aurkari guztiak sailkapen buruan egotera deituta dauden horietakoak izango baitira.  Lesionaturik ez edukitzea izango da garrantzitsua urte hasiera aldapatsu honetan, aurkari zuzenen kontrako hitzorduak otsaila amaieran helduko baitira.  Orduantxe erabakiko da, hain justu ere, talde zuri-morearen etorkizuna.  Ziur asko, pronostiko guztiak hautsiz gaurkoan lortutako garaipena lagungarria izango dela mailari eusteko borroka horretan.


Kadeteak ere garaile

Seniorrek bezala, kadeteek ere zapatu honetan jokatu dute eta, zorionez, berriro ere garaipena etxean geratu da.  Julen Barrutiaren mutilek Durango izan dute bisitari Mojategin, eta 27-5eko emaitzarekin nagusitu dira.  Modu honetan, Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoek sailkapen buruan jarraitzen dute, orain arte porrotik jaso ez dutela.  Hurrengo asteburuan Nafarroa aldera joango dira, Iruñearen kontra neurtuko baitituzte indarrak.

Kanpanzar ART - Gaztedi ART-Gaztedi

ISEI BARBERO

Babesleak