Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Azken unean ihes egin dio garaipenak Kanpanzar Arrasateri

Seniorra (2018/12/15).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek porrot mingarria jaso dute Donostian zapatu honetan, mailari eusteko borrokan aurkari zuzen Bera Bera B-ren kontra 22-21 galdu baitute.  Sarrailagileek gogor egin dute lan oso parekatua izan den norgehiagokan, eta atsedenaldira ere aurretik joan dira.  Bigarren zatian markagailuak hainbat gorabehera izan ditu eta, garaipena Arrasatera etorriko zela zirudienean, etxekoek entsegua egin eta nagusitu egin dira.

Lehen unetik parekotasuna izan da nagusi Kote Olaizola errugbi zelaian, eta ia ordu erdia bete arte ez da markagailua mugitu.  Dolara kapitainak entsegua egin du eta, ondorengo transformazioan Arizaletak baloia zutoinen artera bidalita, markagailura 0-7koa igo da.  Bazirudien lehen zatia emaitza horrekin amaituko zela baina, atsedenaldia ate-joka zegoela, etxekoek baloia zutoinen artera bidali eta Kanpanzar Arrasateren abantaila murriztu egin dute.  Honenbestez, 3-7koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatiaren hasieran Bera Berak entsegua egin eta markagailua irauli egin badu ere (8-7), Isasiren mutilek lanean jarraitu dute, baita merezitako saria jaso ere.  Bellanek arrasatearren bigarren entsegua egin eta Arizaletak ez du hutsik egin transformazioan, 8-14koa markagailuan jarriz.  Etxekoek, baina, ez dute amorerik eman, eta berriro ere markagailua irauli egin dute.

Partidua amaitzeko 10 minuturen faltan emaitza 15-14koa zen eta, orduantxe, Iparragirrek Kanpanzar Arrasateren hirugarren entsegua lortu du.  Aurreko bi entseguetan bezala, oraingo honetan ere Arizaleta eraginkor aritu da transformazioa gauzatzerako orduan, 15-21ekoa lortuz.  Sarrailagileek gogor borrokatu dute errentari eusteko baina, norgehiagoka amaitzear zela, Bera Berak entsegua egin eta garaipena eskuetatik kendu die Isasiren mutilei (22-21).

Kolpea gogorra izan bada ere, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek lanean jarraitu beharra daukate, bigarren itzuli osoa oraindik baitago aurretik.  Urtarrilera arte ez da liga partidu gehiago jokatuko Euskal Ligako 1. mailan, beraz, ordura arte atseden hartu eta indarberritzeko parada izango dute orain Isasiren mutilek.  Donostiatik, gutxienez, puntu bonusa ekarri dute arrasatearrek.

Senior Bera Bera-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak