Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu du Kanpanzar Arrasatek

Seniorra (2018/12/01).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2018-2019 denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu dute, zapatu honetan Baztani Mojategin 25-18 irabazita.  Etxekoak gogotsu zelairatu dira eta aurrea hartu dute markagailuan lehenengo zatian, baina atsedenaldira 8-8ko berdinketarekin joan dira.  Aldageletatik bueltan bi taldeen arteko parekotasuna mantendu da baina, zorionez, etxekoak eraginkorrago aritu eta, zaleen bultzadarekin, azkenean nagusitu egin dira.

Norgehiagokaren ordu laurdena betetzear zela hartu du aurrea markagailuan Kanpanzar Arrasatek.  Ezker hegalean baloia lapurtuta, eta korrikaldi luzu baten ostean, Manex Olabarriak lortu du arratsaldeko lehenengo entsegua.  Ondorengo transformazioan Arizaletak ez du asmatu eta, ondorioz, etxekoak 5-0ekoarekin konformatu behar izan dira.  Isasiren mutilak hobeto ari ziren ordurako, bai bultzadetan eta baita touchetan ere nagusitzen.  

Zoritxarrez, sarrailagileen pozak ez du luzaroan iraun, 20. minutua beteta zegoenean Baztanek entsegua lortu eta berriro ere markagailua orekatu baitu.  Hortik aurrera parekotasuna izan da nagusi, eta aurreneko 40 minutuak 5-5ekoarekin amaitu behar zirela zirudienean, epaileak Kanpanzar Arrasateren aldeko zigor kolpea adierazi eta oraingoan Arizaletak ez du hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Handik bi minutu eskasera eta modu berean, baina, nafarrek berriro ere berdindu eta 8-8koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek. Epailea zorrotz aritu da, eta bi txartel hori erakutsita 13 gizonekin utzi du Baztan atsedenaldia ate-joka zegoela.


Bigarren zatia hasi eta berehala etxekoek berriro ere hartu dute aurrea, Dolara kapitainak lortutako entseguari esker eta Arizaletak gauzatutako ondorengo transformazioarekin (15-9).  Lehen zatian gertatu bezala, baina, nafarrek ez dute amorerik eman eta, beste entsegu bat lortuta, berriro ere sartu dira partiduan (15-15).  Minutuak aurrera joan ahala Kanpanzar Arrasatek berriro ere aurrea hartzea bilatu du, baita lortu ere, bigarrenez Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker.  18-15ekoarekin konformatu ez eta, bigarren zatiko ordu erdia betetzear zela, Salaberrik zuri-moreen hirugarren entsegua lortu du.  Oraingoan ere jaurtitzaile arrasatearrak ez du hutsik egin eta, honenbestez eta norgehiagoka amaitzeko 10 minutu ingururen faltan, 25-15 zen aurretik Kanpanzar Arrasate.

Norgehiagokaren azken txanpan borroka izan da nagusi, eta zutoinen artera bidalitako beste baloi bati esker Baztanek etxekoen abantaila murriztu du (25-18).  Zorionez, Isasiren mutilak errentari eusteko gai izan dira, denboraldiko aurreneko garaipena poltsikoratuz.  Erasoko bonusaren puntua eskuratze aldera, sarrailagileek arratsaldeko laugarren entsegua bilatu dute baina, azkenean, ez dute lortu eta norgehiagoka 25-18ko emaitzarekin amaitu da.

Honenbestez, denboraldiko aurreneko garaipena Kanpanzar Arrasaterentzat, mailari eusteko borrokan aurrerapausoa emateko baliagarria dena.  Hurrengo asteburuan ez da liga partidurik egongo, eta hurrengo hitzordua, ere hil ala bizikoa izango da Isasiren mutilentzat, eurekin batera sailkapen zuloan sartuta dagoen Bera Bera B-ri egingo baitiote bisita.  Donostiatik garaipena ekartzea ere ezinbestekoa izango da, lehen itzulia sentsazio onekin amaitu eta, bide batez, sailkapenean gora egiteko.

KANPANZAR ART 25-18 BAZTAN

ISEI BARBERO

Babesleak