Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Premia larrian dauden Kanpanzar ART eta Baztan aurrez aurre izango dira Mojategin

Seniorra (2018/11/28).

Iragan astean Getxo B-ren kontra porrota jaso ostean, finalaren tankera duen beste hitzordua izango dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Sarrailagileen aurkari zuzen Baztanek Mojategi bisitatuko du zapatuan eta, bertan, aurtengo denboraldian partidurik irabazi ez duten bi taldeek ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.  Hitzordua arratsaldeko 4etan izango da, eta Isasiren mutilek zaleen hauspoa izango dute bidelagun norabidea zuzendu eta sailkapenean gora egiteko.

Premia larrian dauden bi talde izango dira aurrez aurre Mojategin zapatuan, bai Baztanek eta baita Kanpanzar Arrasatek ere ez baitute garaipenik eskuratu irailetik hona.  Biek ala biek bonusen bitartez poltsikoratu dituzte orain arteko puntu guztiak; lau, nafarren kasuan eta, hiru, arrasatearrenean.  Honenbestez, azkenaurreko eta azken sailkatuak dira, hurrenez hurren, bi taldeak.

Denboraldia gogorra izaten ari da oso Isasiren mutilentzat.  Hasierako jardunaldietan sailkapen buruko taldeak izan dira sarrailagileen aurkariak eta, buruhausterik nagusiena, lesioak.  Asko izan dira min hartuta egon diren jokalari zuri-moreak eta, ondorioz, zenbait partiduetan –Ordizia B eta Uni Bilboren kontra kasu- epaileak behar baino lehenago adierazi behar izan du norgehiagokaren amaiera arrasatearrek lehiatzen jarraitzeko jokalari nahikorik ez zituztelako.

Zorionez, azken asteetan erizaindegi zuri-morea husten joan, eta iragan astean Kanpanzar Arrasatek ordezko bizpahiru jokalariekin egin ahal zion aurre Getxo B-ri.  Aurreko hitzorduetan ez bezala, bertan Isasiren mutilek euren maila bereko aurkariaren kontra neurtu zituzten indarrak eta, gogor lan eginez uneoro lehiatu bazuten ere, azkenean kategoriaren gogortasuna geratu zen agerian eta ezin izan zen garaipena etxean gelditu.

Asteburu honetakoa ere Kanpanzar Arrasateren ligakoa izango da aurkaria eta, taldearen dinamika negatiboa aldatu eta sailkapen zulotik ateratze aldera, oso garrantzitsua izango da garaipena eskuratzea.  Horren jakitun, Arrasate Errugbi Taldeko Zuzendaritza Batzordetik deia luzatzen diete zaleei Mojategira gerturatu eta taldea animatu dezaten.


ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak