Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasatek kale egin du Getxo B-ren kontra

Seniorra (2018/11/24).

Oso latza izan da zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek hartu duten kolpea.  Isasiren mutilek mailari eusteko borrokan euren aurkari zuzena den Getxo B hartu dute Mojategin eta, oso parekatua izan den neurketan, azkenean bisitariak nagusitu dira.  Atsedenaldira 6-6ko emaitzarekin joan dira bi taldeak baina, bigarren zatian, bisitariak eraginkorrago aritu dira erasoan eta, modu honetan, azkenean 19-24ko emaitzarekin garaipena lortu dute.

Markagailua partidua hasi eta berehala mugitu da, lehen minutua bete baino lehen epaileak bisitarien aldeko zigor kolpea adierazi eta, baloia zutoinen artera bidalita, 0-3 aurreratu baitira.  Etxekoen erantzuna, baina, ere berehalakoa izan da.  Getxo B-k egin bezala, Kanpanzar Arrasate ere zigor kolpe batez baliatu da, kasu honetan Arizaletak zutoinen artera bidali duena.  Bosgarren minutua bete barik zegoen oraindik, aurreneko ordu laurdenean Isasiren mutilek baloia bisitarien zelaian mantendu dute, eta entseguaren bila ibili dira une oro.  Hurrengo kolpea, ordea, berriro ere Arizaletak aprobetxatutako zigor kolpe baten bitartez heldu da.  

Hortik aurrera partiduaren norabidea goitik behera aldatu da, eta getxoztarrak izan dira Kanpanzar Arrasate bere zelaian sarrarazi dutenak.  Testuinguru honetan, eta errekuperatutako baloi bati ostikoa eman eta zutoinen artera bidalita, bisitariek berriro ere berdinketa jarri dute markagailuan.  Atsedenaldira arte parekotasuna mantendu da eta, markagailua ere, orekatuta zegoen (6-6) epaileak lehenengo zatiaren amaiera adierazi duenean.

Aldageletatik bueltan, bigarren zatia hasi eta berehala, arratsaldeko lehenengo entsegua ikusi da Mojategin, kasu honetan Getxo B-rena (6-11).  Kolpea latza izan da Isasiren mutilentzat baina, euren izaerari eutsiz, lanean jarraitu eta, berriro ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpe parearen bitartez, bisitarien abantaila murriztu bakarrik ez, markagailua ere irauli dute (12-11).  Kanpanzar Arrasatek 10 minutu inguru eutsi dio puntu bakarreko errenta horri baina, zoritxarrez, getxoztarrek entsegu berri bat egin eta 12-18 aurreratu dira berriro ere.

Partiduaren azken txanpan garaipena emango liekeen entseguaren bila ibili dira arrasatearrak baina, aitzitik, Getxo B izan da baloia zutoinen artera bidali eta partidua erabakita utzi duena (12-21).  Amaierara arte, baina, etxekoek ez dute amorerik eman eta, euren lehenengo entsegua lortuta, berriro ere partiduan sartu dira (19-21).  Ordurako, baina, beranduegi zen, getxoztarrek zutoinen artera beste baloi bat bidaltzeko astirik baino ez baitzen geratzen.  

Honenbestez, azken emaitza  19-24 izan da bizkaitarren alde.  Orain burua altxatu eta hurrengo neurketan pentsatzeko garaia da Isasiren mutilentzat, datorren astean beste aurkari zuzen batek bisitatuko baitu Mojategi:  Menditarrak.  Nafarren kontrakoa hil ala biziko beste hitzordu bat izango da Kanpanzar Arrasaterentzat non, mailari eusteko, ezinbestekoa izango den garaipena eskuratzea.

KANPANZAR ART - GETXO B

ISEI BARBERO

Babesleak