Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Lehen itzuliko aurreneko finala jokatuko du asteburu honetan Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2018/11/22).

Denboraldi hasiera aldapatsuaren ostean, non bi puntu baino ez dituzten poltsikoratu, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek aurreneko aurkari zuzenari egingo diote aurre asteburu honetan.  Izan ere, zapatuan, arrasatearrekin batera mailari eusteko borrokan murgildurik dagoen Getxo B-k bisitatuko du Mojategi.  Norgehiagoka 16:30ean izango da eta, zaleen hauspoaren laguntzarekin, Isasiren mutilek denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Esan bezala, aurtengo ikasturte hasiera gogorra izaten ari da oso Kanpanzar Arrasaterentzat, orain arte jokatutako bost partiduetan sailkapenaren goialdean egotera deituta dauden taldeen kontra neurtu behar izan baititu indarrak.  Azken bi jardunaldietan, esaterako, sarrailagileek Ordizia eta Uni Bilboren kontra jokatu dute, egungo lehen eta bigarren sailkatuak, hurrenez hurren.  Norgehiagoka hauetan guztietan Arrasateko taldeak itxura ona eman badu ere, agerian geratu da Euskal Ligako 1. Mailaren gogortasuna;  are gehiago, talde batzuen eta besteen artean dagoen aldea.  

Zailtasunak zailtasun, lesioak izan dira Isasiren buruhauste nagusia, zenbait norgehiagokei 15 jokalari baino gutxiagorekin egin behar izan baitiete aurre.  Zorionez, erizaindegi zuri-morea pixkanaka-pixkanaka husten doa eta, zapatu honetarako, teknikari zuri-moreak azken hitzorduetan baino jokalari gehiago izango ditu bere aginduetara.   Zalantza izpirik gabe, berri pozgarria honako hau, ahalik eta gehiago partiduak duen garrantziaz jakitun.

Mailari eusteko borrokan aurrerapausoa emate aldera, hil ala bizikoa izango da Getxoren kontrako neurketa.  Arrasatearren “ligakotzat” kalifikatu daiteke talde bizkaitarra, sarrailagileek baino hiru puntu gehiago ez baitauka.  Kanpanzar Arrasatek bonusen bitartez bi puntu poltsikoratu dituen bitartean, Fadurakoek bost dituzte patrikan, lehen jardunaldian Gernika B-ren kontra Urbietan lortutako garaipenari esker.  Orduz geroztik, sarrailagileek egin bezala, jokatutako neurketa guztietan getxoztarrek amore eman behar izan dute.

Testuinguru honetan, eta garaipena Mojategin geratuz gero, Kanpanzar Arrasatek aurreratu egingo luke sailkapenean Getxo B.  Norgehiagokaren garrantziaz jakitu, Arrasate Errugbi Taldeko Zuzendaritza Batzordetik deia luzatzen diete zaleei Mojategira gerturatu eta taldea animatzeko, “garaipena eskuratzeak berebiziko garrantzia baitu”.  Esan bezala, hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 16:30eatik aurrera.


Asteburuko agenda

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoek ere berdegunera egingo dute salto asteburu honetan.  Leintz Eskola Kiroleko neska-mutikoak izango dira goiztiarrenak, zapatuan, 10:00etatik aurrera, Mojategin izango den jardunaldian hartuko baitute parte.  Zertxobait beranduago, 12:45ean, Gaztedirekin batera taldea partekatzen duten infanilek Uni Bilbori egingo diote bisita.  Azkenik, igande goizean (10:30), Errugbi Eskolakoek asteburu honetan Mojategin burutuko den beste jardunaldiaren baitan lehiatuko dute.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak