Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Behar baino lehenago amaitu da Ordizia B eta Kanpanzar ART-ren artekoa

Seniorra (2018/10/28).

Ezohiko ordutegia zuen –arratsaldeko 19:00etan- Euskal Ligako 1. Mailako laugarren jardunaldiaren baitan Ordizia B-k eta Kanpanzar Arrasatek Altamiran zapatu honetan jokatu behar zuten norgehiagokak eta, bisitariak zelaira heltzean, neurketa ere ezohikoa izango zela aurreikusten zen.  Izan ere, zuri-moreen entrenatzaile Igor Isasik 12 jokalari baino ez zituen bere aginduetara kategoriako liderrari aurre egiteko eta, lehenengo zatian, 11 gizonekin baino ezin izan zuen jokatu.  Atsedenaldian, bisitarien beste hiru jokalari min hartuta zeudela ikusita eta markagailuak 31-5ekoa erakusten zuela, epaileak norgehiagoka amaitutzat ematea erabaki zuen.

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek jakin bazekiten zapatu honetakoa lehia gogorra izango zela, errugbiaren munduan erreferente den Altamira moduko zelaian kategoriako lider Ordizia B baitzuten aurrean.  Hori gutxi balitz, eta lesioak tarteko, hasierako 40 minutuetan arrasatearrek lau jokalari gutxiagorekin neurtu behar izan zituzten indarrak goierritarren kontra.  Testuinguru honetan, eta neurketaren ordu erdia oraindik bete barik zegoela, etxekoek jada hiru entsegu eta transformazio bat eginak zituzten (17-0). 

Zailtasunak zailtasun, eta euren izaerari eutsiz, Isasiren mutilak ez ziren kikildu eta, bide horretatik, Argoitiak 22. minutuan egindako entsegu bati esker markagailua nolabait txukuntzea lortu zuten (17-5).  Lehenengo zatia amaitu baino lehen, ordea, ordiziarrek bi entsegu gehiago eta beste horrenbeste transformazio eginda 31-5ekoa ezarri zuten.  Esan bezala, une horretan Kanpanzar Arrasatek 11 gizon baino ez zituen zelaian eta, beste hiru jokalari min hartuta zeudela ikusita eta arautegiak ezartzen duenari jarraituz, aurreneko 40 minutuak agortuta epaileak partidua amaitutzat ematea erabaki zuen.

Modu honetan, Kanpanzar Arrasate esku-hutsik bueltatu da Altamiratik denboraldiko laugarren porrota jasota.  Sarrailagileek bi puntu baino ez dituzte eskuratu ikasturte hasiera aldapatsu honetan eta, azaroaren 18ko asteburuan Uni Bilbo Mojategin hartu arte, hiru asteko etenaldia izango dute orain.  Zalantza izpirik gabe, atsedenaldi honek mesede egingo dio talde zuri-moreari, min hartuta eta arazo fisikoekin dauden jokalariak errekuperatze aldera.  Bilbotarren kontra jokatu ostean Isasiren mutilek euren helburu berdinagatik borrokatzen dabiltzan taldeen aurka neurtu beharko dituzte indarrak eta, orduantxe bai, garrantzitsua izango da hutsik egin ez eta puntuak eskuratzea.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Babesleak