Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Plaza zailean jokatuko du asteburu honetan ere Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2018/10/25).

Iragan asteburuan kategoriako egungo bigarren sailkatu La Unicaren zelaitik esku hutsik bueltatu ostean, oraingo honetan ere Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek plaza zailean jokatu beharko dute.  Izan ere, Isasiren mutilak zapatuan Altamirara joango dira eta Ordizia B liderraren kontra neurtu beharko dituzte indarrak.  Zaila bada ere, sarrailagileak iragan asteko itxura onari eusteko asmoarekin joango dira Goierri aldera, bide batez, ezustekoa eman eta etxera zerbait positiboa ekartzeko.  Norgehiagokak ezohiko ordutegia izango du, 19:00etan hasiko baita.

Hiru jardunaldi jokatuta Kanpanzar Arrasatek oraindik ez du garaipenik eskuratu, halere, orain arte erakutsitako izaera eta jokoari eutsiz gero, ziur asko berri pozgarriak aurki iritsiko direla.  Orain arte Isasiren mutilek sailkapen buruan kokatuta dauden taldeen kontra neurtu behar izan dituzte indarrak:  iragan asteburuan bigarren sailkatu La Unicaren kontra jokatu zuen eta, bigarren jardunaldian, Gernikaren aurka.  Iaz arrasatearrekin batera mailari eusteko borrokan murgilduta egon baziren ere, basurdeek ezin hobeto ekin diote aurtengo ikasturteari eta, jokatutako bi partiduak irabazita, hirugarren sailkatuak dira 12 punturekin, nafarrek eta goierritarrek baino bi gutxiago.  Denboraldi estreinaldiko partiduan jipoi galanta jaso zuten sarrailagileek, Aieten 96-10 galdu baitzuten.  Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatutako taldea egungo bosgarren sailkatua da, halere, esan beharra dago egun horretan talde zuri-moreak –arazo fisikoak tarteko- 10 gizonekin amaitu zuela partidua.

Gauzak horrela, laugarren jardunaldiz jarraian, Arrasateko taldeak aurkari gogorra izango du aurrean.  Ordizia B-k orain arte jokatutako neurketa guztiak irabazi ditu:  lehenengoan 0-93 nagusitu zen Bera Beraren zelaian, bigarrenean 28-13 hartu zuen mendean Gaztedi Altamiran eta, iragan astekoan, 10-22 irabazi zuen Aieten aurtengo denboraldian sailkapenaren goialdean egotera deituta dagoen Atletiko San Sebastian /Hernaniren kontra.  Goierritarrak sendo aritzen dira defentsan eta eraginkor erasoan, eta horrela erakusten dute euren datuek, hiru norgehiagoka hauetan 22 entsegu egin eta hiru baino ez baitituzte jaso.

Testuinguru honetan, hortzak estutu eta gogor borrokatu beharko dute Isasiren mutilek Altamiratik zerbait positiboa ekartzeko.  La Unica ere aurkari oso gogorra zen eta pasa den zapatuan zenbait unetan bere menpe izan zuen Kanpanzar Arrasatek –gogoratu beharra dago partidu horretan bisitariak aurretik joan zirela markagailuan-.  Kirolaren munduan dena da posible eta, zergatik ez aurreikuspen guztiak hautsi asteburu honetan Altamiran?


Asteburuko hitzorduak

Seniorrek bezala, kadeteek ere etxetik kanpo jokatuko dute zapatuan, baina kasu honetan Errioxan (12:30).  Pasa den astean Mungian irabazi eta lidergoa eskuratu ostean, Julen Barrutiaren mutilek bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.  Federatutako infantilek atsedena izango dute asteburu honetan eta, eskola mailakoek, Ordizia hartuko dute Mojategin igande goizean (9:30).

Errugbi Eskolari dagokionez, 12 eta 10 urtez azpiko neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, kasu honetan ere igande goizean, baina 10:30ean hasita.  Azkenik, leku berean, Leintz Eskola Kiroleko jardunaldia izango da larunbat goizean, 10:00etan hasita.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak