Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gernika izango du bisitari asteburu honetan Kanpanzar Arrasatek

Seniorra (2018/10/04).

Iragan zapatuan Donostian liga porrotarekin estreinatu ostean, Aieten Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatutako taldearen kontra 96-10 galdu zuten, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko aurreneko partidua jokatuko dute zaleen aurrean.  Izan ere, domeka eguerdian (13:00) Gernikak Mojategi bisitatuko du eta, bertan, Isasiren mutilek estreinaldiko jardunaldian gertatutakoa ahaztu eta ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Ilusio handiarekin ekin zion ligari pasa den astean Kanpanzar Arrasatek baina, zoritxarrez, gauzak ez ziren nahi bezala irten Gipuzkoako hiriburuan.  Sailkapenaren goialdean egotera deituta dagoen ekipoa eduki zuten aurrean sarrailagileek eta, hori gutxi balitz, Isasik 16 jokalari izan zituen soilik bere aginduetara, horietatik hainbat arazo fisikoekin.  Gauzak horrela, ia partidu osoan arrasatearrek 13 jokalari baino ez zituzten eduki berdegunean, eta norgehiagoka 10 gizonekin baino ez zuten amaitu.

Domeka honetarako jokalari horiek guztiak errekuperatzea da Isasiren itxaropena, zaleen hauspoaren laguntzarekin ikasturteko denboraldiko aurreneko garaipena eskuratze aldera.  Basurdeek ere ez dute nahi bezala hasi txapelketa, pasa den astean Urbietan aurreneko partidua galdu baitzuten Getxo B-ren kontra (22-28).  Gauzak horrela, ziur asko domeka honetan Mojategira garaipen gosez etorriko direla.

Jardunaldi bakarra jokatuta, Ordizia B da Euskal Ligako 1. Mailako liderra bost punturekin, aurreneko jardunaldian Bera Berari 93-0 irabazi ostean.  Goierritarrekin berdinduta beste hiru talde daude:  Atletiko San Sebastian/Hernani, Gaztedi eta Getxo B.  Taularen erdialdean, bosgarren postuan eta bi punturekin, Gernika B dago; sailkapena ixten eta punturik eskuratu barik, berriz, La Unica, Uni Bilbo, BRT Menditarrak, Kanpanzar Arrasate eta Bera Bera B dauzkagu.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak