Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Donostian ekingo dio ligari Kanpanzar Arrasatek asteburu honetan

Arrasate R.T. (2018/09/27).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek asteburu honetan ekingo diote 2018-2019 denboraldiari, Donostiako Aiete errugbi zelaian.  Zapatuan, 16:00etatik aurrera, Isasiren mutilek Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatutako taldea izango dute aurrean, eta ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.  Iaz bezala, aurten ere liga txapelketa joan-etorrikoa izango da, hau da, bi itzuliz osatuta egongo da.  Lehenengo bederatzi jardunaldiak irailaren 29a eta urtarrilaren 13a bitartean jokatuko dira; gainontzekoak, berriz, urtarrilaren 20a eta apirilaren 7a artean.  

Aurten ere mailari eustea izango da Kanpanzar Arrasateren helburu nagusia;  horretarako, azken postua saihestu beharko dute nahitanaiez , leku horretan sailkatzen den taldeak zuzenean galduko baitu kategoria.  Denboraldia azkenaurreko postuan amaituz gero beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko aukera ere egon badaiteke, kasu horretan 2. Mailako bigarren sailkatuaren kontra jokatu beharko baita promozioa.

Aurtengoa ere ikasturte gogorra izango da Isasiren mutilentzat, dena den, iragan denboraldiko jarrera, lana eta konpromisoari eutsiz gero, ziur asko talde zuri-moreak txapelketa polita egin eta kategoria berdinean jarraitzeko txartela eskuratuko duela.  Hasierako sentsazioak onak izan dira Isasiren mutilentzat, aurre-denboraldiko lan gogorraren ostean iragan asteburuan Iruñean jokatutako lagunarteko norgehiagokan Arrasateko taldea nagusitu baitzen.

Zaleen aurrean Gernika izango da sarrailagileen aurreneko aurkaria, oroitzapen politak dakarren ekipoa, basurdeen kontra pasa den denboraldian lortutako garaipenei esker sarrailagileek bideratu baitzuten salbazioa.  Kanpanzar Arrasateren gainontzeko aurkariak ondorengoak izango dira:  La Unica, Uni Bilbo, Gaztedi, BRT Menditarrak, Getxo B, Bera Bera B eta Ordizia B.


Aurkezpen ofiziala

Liga hasiera ate-joka dugun honetan, ostegun arratsaldean burutu zuen Arrasate Errugbi Taldeak 2018-2019 denboraldiko aurkezpen ofiziala.  Sebero Altube enparantzan burututako ekitaldian klub zuri-moreko jokalari, teknikari eta kideak bildu ziren eta, guztiek batera, familia-argazkia atera zuten.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak