Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Arrasate Errugbi Taldeko jokalari ohiei deia egiten zaie zapatuko herri bazkarian parte hartzeko

Beteranoak (2018/05/30).

Bihar, osteguna, Arrasate Errugbi Taldeko XX. Garagardo Azoka jarriko da martxan.  Aurten ekimenak 20 urte betetzen ditu, hori dela-eta, berritasunik azpimarragarriena zapatu eguerdian Herriko plazako karpan ospatuko den herri bazkaria izango da.  Bertan edozeinek hartu ahal izango du parte, dena den, klub zuri-moretik dei berezia egiten diete Arrasate Errugbi Taldeko jokalari izandako guztiei.  “Polita litzateke bertan belaunaldi ezberdinak biltzea, aspaldiko garaiak gogora ekartzeko”, dio Herensugeetako –beteranoen taldea- kide eta klubeko ikur Patxi Gorosabelek.

Gogoratu beharra dago herri bazkarian parte hartzeko tiketak salgai daudela herriko hainbat tabernetan 20 euroren truke:  Basati, Taupa, Itzala, Kajoi eta Okorotegin.  Menua paregabea izango da: paella, oilaskoa, postrea eta, honen barne, mahaikide bakoitzak garagardo pitxar bana edateko aukera izango du.  Musika eta giro ona ez dira faltako eta, Gorosabelek adierazi bezala, “ziur asko aspaldiko garaiak gogora ekarriz txantxarako tartea izango dela, baita une hunkigarriak bizi ere”.



Herri bazkaria aurretik, baina, Herensugeek berdegunera egingo dute salto, lagunarteko zortzinako errugbi partidua jokatuko baitute Bera Berako beteranoen kontra Gesalibarreko San Juan de Dios ospitaleko belar naturaleko zelaian.  Hitzordua goizeko 11:00etan izango da, bi taldeak ordu horretan elkartuko baitira berdegunean bertan.  Norgehiagoka 11:30ean hasiko da eta, behin partidua amaituta eta dutxatik pasatu ostean –Mojategiko aldagelak nahi duenak erabili ahalko ditu-, bi taldeak eguerdiko 13:30ean Herriko plazan elkartuko dira hirugarren zatia egiteko.  

Esan bezala, gero guztiak mahaiaren inguruan bilduko dira karpan izango den herri bazkarian.  “Arrasate Errugbi Taldeko jokalari ohi guztiei dei berezia egiten diegu, lehenengo Gesalibarrera, eta gero Herriko plazara gerturatzeko, ziur asko primerako eguna pasatuko dugula”, dio Herensugeetako kide David Jauregik.

ISEI BARBERO

Babesleak